XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Maskaradetako testu literario inportanteenak hauexek dira: zorrotzek etxez etxe eta herririk herri kantatzen dituzten koplak; Maskaradan parte hartzaile guztiek abesten duten herriko kantua; buhame edo ijitoen eta kautereen peredikiak edo sermoiak; eta kautere hauek eta medikuek beren soinean idatzita ezartzen dituzten grafitiak.

Zorrotzek koplak kantatzen dituzte.

Kopla hauek badute konposizioaren lege jakinik.

Batzu erretorikoak dira, beti berak edo berdintsu direnak; besteak inprobisatuak dira, etxe baten aurrean edo herri bateko plazan bertako berri aipatzen dutenak.

Zorrotz gehienek paper batean idazten dituzte beren koplak bezperan edo Maskaradaren egunean bertan.

Zenbaitek gordetzen dituzte izkribu horiek.

Beste zenbaitek, denbora joan denbora etorri, galdu dituzte.

Arene Garamendik Zuberoako Maskaradak antzeztearen semiotika aztertzeari ekin dio bere El Teatro Popular Vasco, Semiótica de la Representación liburuan.

Bere eritziz bi kode moeta bereiztu behar dira Maskaraden ikerketa semiotikoan: kode sintaktikoak eta kode semantikoak.

Kode sintaktikoak lau dira: jantziak, kode linguistikoak, topologia eta kinesika.

Jantziak izan daitezke ederrak eta zakarrak; kodigo linguistikoak izan daitezke gorriak-(ûskara)-ziberoera eta beltzak-besteak; topologian dauzkagu gorriak-aurrean eta beltzak-atzean; eta kinesikan, berriz, gorriak-abilezia eta beltzak-trakeskeria markatzen dutenak.

Kodigo semantikoei dagokiela Garamendik dio maskaradak multzo (...)ala bere orokortasunean harturik isladatzen duela kategoria hauen arabera: Natura versus Kultura eta Ohore versus Desohore.

Natura ordezkatzen duten pertsonaiek eta kulturaren ordez daudenek badute, haatik, ararteko elementu bat, eromena hain zuzen ere, kukuilero izeneko parte hartzaileek ordezkatzen dutena.

Maskaradetan, Fdez de Larrinoak dioen bezala, bi esparru estetiko dira nagusi: gorputz-mugimenduarena eta hitz-konbinaketarena.

Dantzak biltzen du Maskaradetako gorputz-mugimenduaren estetika, edertia.

Sermoiek, ordea, biltzen dituzte Maskaradetako berba idatziak zein erranak.

Berbaren eta gorputzaren estetika hauek bi eduki sinboliko eta metaforiko dakartzate, bide batez bi mezu eta bi espazio erritual kontrajartzen direla.

Zuberoako bizimodua endelegatzekotan bada izugarrizko inportantzia duen oposaketa bat: laboral gizon-emaztegoaren eta hiritar gizon-emaztegoaren artekoa.

Nekazal gizarteari buruz, beronen espazioa hierarkizatua dagoela esaten zaigu, graduzko banaketa hauxe delarik: etxea, herria, harana, probintzia eta erregearen erresuma edo dukerria.

Hiritar munduak, haatik, denboraren ulerkera ebolutiboa ispilatzen du.

Komunitatearen kontzientzia ahuldu eta norbakoitzatasuna indartzen da.

Bi mundu hauek elkarren kontrakoak izan arren, ez dute beren artean muga hertsirik edo igoezinezko harresirik, elkarrekintzan ari dira baino, eta batak, handiagoa delako, bere itzala hedatzen du bestearen gainera.

Baina dena aldatuz doa eta ez da ezer geldirik egoten.

Maskaradetako testuak biziak ohi dira.

Bestela esanda, modu erritualez aurkezturiko eta antolaturiko eleak ez dira endelegarri, giro erritualetik kanpoko bizimoduaren berri jakiteke.

Hau da, hitzak eredu zehatzetan egituraturik agertzen badira ere, kasu gehienetan ez daude fosilizatuta.

Maskaradak denboraren erritualak nahiz denborari buruzko ospakizunak dira, zeinen bidez denboraren antolakuntza sozial bat geureganatzen dugun.

Urteak joan urteak etorri, Maskarada-ospakizunek mementu historiko bakoitzak artikulatzen duen denbora-antolakuntzaren arabera bilatzen dituzte antzezkizunerako une aproposenak.

Zentzu honetan, baserritargoaren erritualen denboratasunak aspalditik laga ditu nekazaritzaren iharduera ekonomikoen erreferentzi puntuak.

Erdi Aroko Elizak, XIX mendearen Industrial Iraultzak eta XX. mendearen bukaerako Aizinaren Kultura moeta batzuk (besteak beste, turismoak) eratutako denbora sozialen trazak eta antolakuntza erantsi zaizkie antzerki erritual suerte hauei.

Denboran ezezik, espazio sozialaren mugetan ere gertaera esanguradunik, eta beraz aipagarririk, iragan dira azken urteotan.

Laborantzari dagozkion ezaugarri denborazkoetatik nolabaiteko ihesa egin duten bezalaxe, Maskaradek Zuberoak osatzen duen lur-sail geografikotik ere hanka egin dute aspaldion.

Hau dela eta, Muskildiko Maskaradak dozenerdi bat bider bisitatu ditu Bizkaia eta Gipuzkoa.

Hala gertatzeak testuen aldaketa zenbait ekarri ditu.

Alde batetik, euskera bera hegoaldetartu behar izan dute ulergarri izan dadin.

Bestetik, aipamenak ere Hego Euskal Herriko egoera politiko, sozial eta ekonomikoetatik bildu behar izan dituzte.

Beraz, lexikoa, ahozkera eta gaiak ikusentzule berriengan pentsatuz berregin dira.

Era berean, aspaldi honetatik autobus eta auto partikularrak agertzen hasiak dira Zuberoara bertara Maskaradak in situ ikusteko.

Hau da, Maskaradei oraintsu arte zegozkien zuberotar kontestuaren muga esklusiboak deuseztu egin dira.

Bidaia hauek direla medio, Maskaradek sortarazitako harreman sozialen ingurugiroa zabaltzen ari da.

Zuberoako baserria Atharratze inguruan.